XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

INGURUGIRO EGOKIRAKO ETA BERE BABESARAKO ESKUBIDEAK

Pilar Diez Arregi

Ingurugiro Zuzenbide Masterra Ikasle ohia (1996/97 Ikasturtea)

Eusko Ikaskuntza (Zuzenbide Saila)

Urrezko arrautzak erruten zituen oiloarena

Gizon batek urrezko arrautzak jartzen zituen oilo bat zuen eta, ustez haren barnean urre gorri mordoa aurkituko zuela, oiloa hiltzea erabaki zuen.

Baina, ustea ustel gertatu-eta, gainerako oiloen berdin-berdina aurkitu zuen hura barrendik; modu horretara, aberastasun handiak gutiziatzeagatik zeukantxoa ere galdu zuen.

Irakaspena: alegia honek erakusten digu nork bere ondasunekin kontentatu beharra duela asko-nahiari eta gutiziari eman gabe.

Esopo (P. 87, Hrs. 89, Ch. 288 d)

I. SARRERA

Esoporen alegia honek, ezaguna baita La Fontaine eta Samaniegoren bertsioetan ere, garbiro ematen ditu aditzera gizakiaren eta Lur Planetaren arteko harremanak.

Planetaren mugak ezagunak izanik, ergelkeria ulertezin batek soilki eraman dezake gaur egun gizakia lurraren baliabideak gehiegi ustiatzera, horrek biharko ekarriko dituen ondorioez arduratu gabe.

Egungo garapen moldearen oinarriak eta urrezko arrautzak erruten zituen oilo-jabearen jokabidearenak antzekoak gertatzen dira askoren iritziz eta kontzientzia zabal horrek gero eta erantzun indartsuagoa eragin du gizartearen aldetik egoera hau zuzentzeko.

Zuzenbidea sentibera agertzen ari da gizarte-eskabide berri honen aurrean eta arian-arian erantzun juridikoak ematen dizkie ingurugiro alorreko galdekizunei.

Horien guztien artean, ingurugiro egokia giza eskubidetzat hartzen duena da agian garrantzi teoriko handienekoa.

Giza eskubideak gure zibilizazio-garapenaren parametro giltzarri bihurtu dira, horregatik gizarte-sistema baten legitimitatea beraren onarpenaren eta aplikazio praktikoaren arabera baloratzen da.

Berorien izaerari buruzko eztabaida, alabaina, oso zabaldurik dago eta urrun ikusten dugu oraindik kontzeptu horren bertsio unibokoaren lorpena.

Gure ikuspegitik, onartu ohi den minimo komuna, eskubide horiek, behar bezala juridikotuak izanik, edozein sistema juridikoren oinarri bilakatzen diren printzipio etiko-politikoen zerrenda bat osatzen dutelakoa da.

Horien ontasun teorikoaren onarpen orokorrak, eta are funtsezkotzat hartzen diren baloreak bermatzera bideraturiko tresna tekniko-juridiko gisa duten gaitasunak, badu beste ondorio bat: asmo politikoak oro giza eskubideetara bideratu nahi izatea, dela badirenen edukiei horiek erantsiz dela, besterik gabe, beren berezitasuna onartua izan dadin ahaleginduz.

Arrazoi horrexegatik giza eskubideen belaunaldiez hitz egiten da, pixkana-pixkana aldarrikatuz, formalki onartuz eta aplikatuz joan direlako, oraindik geratu ez den iter kronologiko jakin batean.